BEREZIAK

2015(e)ko urria 17, larunbata

Gasteizen ere martxan!

Gaur, Gasteizko hezkuntza plataformak agerraldi jendetsua egin du hezkuntzako egoeraren irakurketa egiteko asmoarekin. Gainera, HPTko sarekide diren heinean, iragarri dute, azaroaren 28an, eurek ere kaleak hartu eta Hezkuntza Sistema Propioaren beharra aldarrikatuko dutela.

Albistea: GARA · Noticias de Álava

Urrian zehar egindako ekimenak: klik hemen


Gasteizen irakurritako oharra:

Pasatu da uda eta hasi dugu ikasturte berria. Berria izanik ere, zaharrak berri. Izan ere, tamalez, euskal hezkuntzarentzat ez dago berri askorik. Badakigu LOMCE gure ikastetxeetan erabat sartuta dagoela. Nahiz eta lege inposatu horren atal batzuk atzeratu edota zalantzetan jarraitzen duten, Nafarroako Erregimen Gebernuak utzitako herentziaren ondorioz eta Eusko Jaurlaritzak LOMCE aplikatzen jarraitu dute. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionean, ustelak ustel. Uriartek proposatutako Heziberri 2020 planak LOMCEren aplikazioari erantzuten dio bete-betean. Asko aldatu beharko dute norabidea osatu nahi duten balizko lege berria gure hezkuntzaren aldekoa izatea helburu badute. Zentzu horretan, gaur bezala, kaleak hartu eta inongo inposaketarik onartuko ez dugula argi eta garbi esaten jarraituko dugu. Ez dugu LOMCEren sasiaplikaziorik, 'euskal' aplikaziorik edo bestelako mozorrorik onartuko. Argi utzi genuen iazko ikasturtean burutu genuen planto masiboarekin. Nafarroako Txantrea auzoko itxialdiarekin hasi, Gasteizko zentro batzuetatik pasatu eta apurka apurka Hego Euskal Herriko ikastetxe mordo batean plantoa egitea erabaki genuen. Hezkuntza komunitatea elkarlanean, azterketa atzerakoi, inposatu eta antipedagogiko horiei planto egin genien. Berriz ere zorionak guztioi!

Ez dugu LOMCE nahi eta ez dugu momentuz LOMCE aplikatzen duen Heziberri-rik nahi ere. Guk Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema Propioa nahi dugu. Egungo eredu arrotza gainditu eta gure hezkuntzaren gaineko erabakiak guk geuk hartu nahi ditugu, gure ikastetxe eta herrietatik. Horregatik, nekatuta gaude, inposaketei aurre egiten jarraituko badiegu ere, bada garaia gure hezkuntza eredua egunez egun eraikitzen jarraitzeko. Eta baditugu aukerak, gogoa eta proiektuak. Baditugu alternatibak eta urriaren 24an, Bilbon, Alternatiben Herria ekimenean erakutsiko ditugu batzuk. Eraikuntzara salto egiteko unea da!

GUK Guk egingo dugulako. Gu gara protagonistak: ikasleak, familiak, hezitzaileak, langileak, auzoko edo herriko okina, postaria, autobus gidaria, garbitzailea... Gure gogo eta kemenaz bestelako hezkuntza eredu bat eraikitzea gure esku dago!

ORAIN Bada garaia. Orain da unea inposatzen diguten hezkuntza eredu inposatuari planto egin eta bestelako hezkuntza eredu bat eraikitzen jarraitzeko. Biharko egunera itxaron gabe, astiro baina gelditu barik, gaurdanik gure hezkuntza eraikitzeari ekin behar diogu!

HEMEN Gasteizen, klasean, ikastetxean, auzoan, herrian, plazetan, udalan... Eta horretarako gero eta plataforma gehiago izan behar gara, gero eta gehiago izango gara Gasteizko Gure Hezkuntza plataforma bezala, Hezkuntza Plataformen Topagunean biltzen garenok. Hezkuntza Plataforma Topagunea hezkuntza bilgune ezberdinak saretzeko tresna bezala jaio baitzen, eta hori da gure asmoa: Euskal Herriko bilgune ezberdinak saretu eta bestelako hezkuntza eredu baten alde, erabakitakoa eraikitzea.

Beraz, gaurko agerraldi honetan, Euskal Herriko txoko ezberdinetan egiten ari den bezala, dei egiten dizuegu martxan jartzeko, gure hezkuntzaren alde aktibatzeko. Bide horretan, azaroa bukaeran, hezkuntza komunitate osoarekin eta gainontzeko herritarrekin azaroaren 28an egingo dugun gure hezkuntza propioaren aldeko deialdi nazionalean parte hartzeko deia luzatzen dizuegu! Animo guztioi! 

Gasteizko Gure Hezkuntza Plataforma
gurehezkuntza.gasteiz@gmail.com
www.gurehezkuntzaplataforma.blogspot.com.es

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina