BEREZIAK

2016(e)ko apirila 30, larunbata

120 ikastetxetan 3. mailako azterketari planto egingo diogu

HPTn egindako errekontu eta datu bilketaren arabera, 120 dira, gaurko egunez, LOMCEren aplikazioari jarraiki Heziberri 2020k agintzen duen 3. mailako azterketa ez egiteko hautua hartu duten ikastetxeak. Azterketa antipedagogiko hau maiatzaren 2tik 27ra bitartean egiteko agindu du EAEko Hezkuntza Sailak baina ikasle, familia eta, orohar, hezkuntza komunitatearen lanari esker, 120 dira, momentuz, ebaluazio inposatu hau egingo ez duten ikastetxeak.

120 ikastetxetan PLANTO  |  Araba: 29  |  Bizkaia: 46  |  Gipuzkoa: 45

HANDITZEN DOAN PLANTO ZERRENDA: KLIK HEMEN



LOMCE legeak Lehen Hezkuntzako 3. mailan azterketa bat egin behar dela esaten du. Froga Diagnostiko horretan matematika, zientziak eta euskara zein gaztelanierazko konpetentziak kalifikatuko behar dira.

Horixe bera jasotzen da Heziberri 2020ren dekretu curricularretan. Ondorioztatzen dugu, beraz, nahiz eta EAEko Hezkuntza Sailetik mila kolorez margotu nahi izan badute ere, LOMCE eta Heziberri gauza berdina direla.

Iaz, Cristina Uriarteren sailak 30 ikastetxe aukeratu zituen azterketa honen pilotajea egin zezaten. Egunez egun izendatutako ikastetxeak aldatuz joan zen Hezkuntza Saila, izan ere, masiboa izan zen azterketa inposatu hauei planto egiteko deia. Lortu genuen, ehunka familien konpromisoari esker eta hezkuntza komunitatearen babes osoarekin 3. mailako azterketa horiei planto egin genien. Mobilizazio horren ondorioz eta iaz aurrera eramandako dinamikari esker, aurten, zalaparta ekidin nahian, Uriartek modu malguagoan jokatu du eta nahiz eta Heziberrin azterketa hau egin behar dela argi eta garbi agindu, disimulatu nahi izan du berriz ere ez-informazioarekin jolastuz, azken momentura arte argipenik eman gabe.

Guk argi dugu: 3. mailako azterketa inposatua da. LOMCEren oinordekoa da. Ebaluazio sistema antipedagogikoa du oinarri eta ez du hezkuntza gaitasunen ebaluazio jarraia bermatzen.

Momentuz, Hezkuntza Plataformen Topagunean egin dugun errekontuaren arabera, 120 gara azterketa honi planto egingo diogun ikastetxeak. Familiek hala erabakita, klaustroan eztabaidatuta edota organo gorenetan erabaki ostean, 120 ikastetxe hauetan, azterketa hau ez egiteko konpromisoa dugu.

Hezkuntza Sailak inposizioaren bidetik jarraitzen du. Iaz bezala hezkuntza eragileak eta aurten bereziki sindikatuen ordezkaritzaren %100 (Ela, Lab, Steilas, CCOO, Ugt) azterketen kontra eta ez egitearen alde agertu dira. Nahiko da Uriarte, utzi Madrildik esaten dutena egiteari eta egin jaramon hezkuntza komunitateak exijitzen dizugunari! Guk, inposizio hauei planto egiten jarraituko dugu!

Datozen egunetan ikastetxe gehiagoren planto jarreraren berri izatea aurreikusten dugu. Beraz, dei egiten diogu, LOMCEren araberako ebaluazio kalifikatzaile honi planto egingo dioten eta ebaluazio sistema propio baten aldeko edozein ikastetxeri gure zerrendara batu dadin.

Gainera, azterketa hauek asumitzetik harago LOMCEren araberako Heziberriren dekretu curricularrak bertan behera uzteko eskatzen diogu Cristina Uriarte buru duen Hezkuntza Sailari!

Hezkuntza Sistema Propioaren bidean, azterketa hauei ez! Ebaluazio Sistema Propioa orain!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina