BEREZIAK

2016(e)ko iraila 21, asteazkena

[Iritzia] "Hezkuntzak arduratzen gaitu"

Hezkuntzak arduratzen gaitu. Bai, oso. Hezkuntza sistema larriki gaixorik dagoelako. Sintoma guztiek diagnosi horretara eramaten gaituzte. Aurten ere, ez ezegonkortasunean hasi dugu ikasturtea. Berrriro ere, EAJ­k zuzentzen duen Hezkuntza Sailaren arduragabekeria agerian geratu da. Hori bai, argi daukaguna zera da: Lomce legearen aplikazioa bete­betean eramango dela aurrera Heziberriren bidez. Eta hori gutxi balitz, Madriletik inposaturiko murrizketak ere berton aplikatuko dituzte.

Gaixotzen hasten garenean, gure gorputzak abixu txikiak ematen dizkigu baina gure egunerokotasunarekin jarraitzen dugu. Min txiki horietara ohitzen joaten gara eta noizbehinka 'paracetamol'ari esker aurrera jotzen dugu. Baina gaitza gure gorputzean barrena zabaltzen doa, gu ia­ia konturatu ere egin gabe. LOMCE/Heziberriren aplikazioarekin berdina gertatu zaigu. Aldaketak gutxinaka ezarriak izan zaizkigu, gure egunerokotasunean barneratu ditugun arte. Eta guzti honen ondorioz, ikasgelak ikaslez tope ditugu, irakasle ordezkoen zain egunetan egotera ohitu gara, hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzea erabat bermatzen, inolako logika pedagogikorik gabe natura eta gizarte bi ikasgai isolatu bezela landu behar ditugu, erlijioak eta baloreak kalifikatu eta ikasleen espedienteetan kontuan izaten ari dira, 40 urte atzera eramaten gaituen errebalidetan oinarrituriko ebaluzio sistema ezarri nahi izan digute, ikasleen ikaste erritmoak errespetatzeko sorturiko zikloen sistema apurtu digute, eta abar luzea.

Zuetariko askok eta askok, arrazoi guztiaz pentsatuko duzue, hezkuntza komunitateak hartu ditugula min/gaitz/síntoma hauei aurre egiteko neurriak. Noski baietz! Gure egunerokotasunari aurre egiteko pirula/neurriak hartu ditugu eta nolabaiteko partxeak jartzea lortu dugu.

Baina gure gorputzak ere, eztanda egiten du, ez ditu min/gaitz/síntoma txiki horiek luzaroan jasatzen eta azkenean gorputzak ohiuka laguntza eskatzen digu. Une horretan, larritzen hasten gara eta benetako sendagaiaren bila joaten gara. Jadanik, pirula edo paracetamol arruntak ez gaitu asetzen. Gure ustetan, hezkuntzan une horretan gaude. Alerta gorria piztu duen sintomarik larrienaren aurrean gaude. Hezkuntza Sailak ez du kontuan izan hezkuntza komunitate osoak aho batez aldarrikatzen duena: Lomce/Heziberriren aplikazioa bertan behera ustea eta gure herriak behar duen hezkuntza sistema propioa eraikitzeko urratsak ematea. Hezkuntza Saila entzungor dago.

Hau guztiagatik diogu, hezkuntza sistema larriki gaixorik dagoela. Cristina Uriarte andereak egiten dituen adierazpenak behin eta berriz nahasiak dira. Mezu kontrajarriak luzatzen dizkigu. Badakigu, beste erkidegotako hezkuntza arduradunek egin dutelako, Asturiasek, Kantabriak, Aragoik edota Kataluniak. besteak beste, posible dela Lomce ez aplikatzeko benetako neurriak hartzea. Jendartearen babesa neurri inportanteena izanik. Uriarte anderea, zuk horrelako neurririk hartuz gero, hezkuntza komunitatearen babesa izango zenuke. Zer gertatzen zaizu? Benetan, uste duzu serioa dela, beraien etorkizuna jokoan dagoenean, batxilergoko 2. mailako ikasle eta irakasleek oraindik ez jakitea zein froga gainditu beharko duten ekainean?

Benetan,uste duzu, iaz 178 ikastetxe baino gehiagok 3. mailako azterketari planto egin ondoren, aurten froga onartuko dutela? Benetan, uste duzu hezkuntza komunitateak ez duela lanean jarraituko? Zintzotasunez, betikotu nahian zabiltzan hezkuntza sistema honetan sinisten duzu?

Garai hauetan, garrantzitsua iruditzen zaigu, ez bakarrik gaur egungo Hezkuntza Sailari, baizik eta alderdi politiko guztiei galdera batzuk zuzentzea, konkretuki EH BILDU, PNV, Elkarrekin Ahal Dugu eta PSEri. Horrela egin genuen, aurreko irailaren 17an egindako agerraldian. Galdera zuzenak eta gardenak dira: ”Hezkuntza komunitatearekin elkarlanean arituko zarete Lomce­ren ez aplikazioarako? Zer egingo duzue Lomce­ren aurrean planto egingo dugun ikastetxe, ikasle eta familiekin? Hezkuntza sistema propio baten alde zaudete? Ebaluazioari dagozkion Heziberri dekretuak bertan behera utziko dituzue? Erantzunak zintzoak eta argiak izango direla espero dugu, egoerak horrela merezi duelako.

Bai, arduraturik gaude, arduratsuak garelako. Gure hezkuntza sistemak arduratzen gaituelako eta ez dugulako gehiago gaixotzen utziko. Hezkuntza Plataformen Topagunea osatzen dugun irakasle, ikasle, familia eta herritarrok argi daukagu zein den gure hezkuntza sistema propioa eraikitzen lagunduko duen sendabelarrik onena. Zalantza izpirik gabe, ilusio eta indarrez beterik, guk bide horretan lanean eta elkarlanean jarraituko dugu. Ikasturte honetarako bide orria zehaztu eta adostu dugu ere. Nola ez, Lomce/Heziberri ez aplikatzeko neurriak zabalduko ditugu. Ebaluazio eta errebalidei Planto egingo diegu. Ikastetxez ikastetxe saretzen jarraituko dugu. Eta hau gutxi balitz, ikasle, irakasle, familia eta herritarrekin hezkuntzaren inguruko hausnarketa abiatuko dugu. Ebaluazio sistema ezberdinak aztertu eta aditzera emango ditugu. Hori guztia, gainera, alaitasunez, ilusioz eta elkarlanean egingo dugu. Guretzat, “txikitasunetik handitrasunera” esamoldea ez delako lelo hutsa, gure izaeraren ezaugarririk nabarmenena delako!

Ardurak adi egotera eramaten gaitu. Adi egoteak lanera eta elkarlanera bultzatzen gaitu. Elkarlanak, aurrera joateko indarra eta ilusioa eskeintzen digu. Gaixo dagoen hezkuntza sistema hau sendatzeko sendabelarrik onena, herritik eta herriarentzako eraikitako hezkuntza sistema propioa da. Hezkuntzak arduratzen gaituelako.


Hezkuntza Plataformen Topagunea-ren izenean


Leire Zelaia, Samuel Pasandin eta Leire Barrera

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina